Euskal irratia

Nor gara gu? Zer gara gu?

Euskal irratigintzari buruzko bloga duzu hau. Kaier hau izenpetzen duen honek, Koldo Ordozgoitik, sortua da eta UA UA Hemendik Hotsa egitasmoa garatzeko lehen urratsa izan nahi lukeena. Ibilbide luzeena egiteko ere lehen urrats bat eman behar da. Horixe da blog hau, ua ua hemendik hotsa egitasmoa garatzeko lehen urratsa.

UA UA Hemendik Hotsa egitasmoaren xedea irrati ondarea biltzea eta historian zehar euskal irratigintzak, euskarazko irratiak jorratu duen bidea herritarrei ezagutzera ematea da. Elkarlanean eta taldean eraikitako egitasmoa, eta hori gauzatzeko sarea ezinbesteko tresnatzat jo dugu. Sarean eraiki nahi baitugu euskal irratigintzaren alegiazko etxe hori.

1925 eta 1983 urteen arteko euskal irratiaren historia horren soinu banda ezagutzera emateko eta material, informazio eta ekimen horiek guztiak egituratzeko, irratia.eu webgunea aurreikusten dugu proiektua ardazteko tresna gisa. Egitasmo horren atarian kokatzen da hemen aurkezten dugun euskal irratiari buruzko euskalirratia kaier hau.

UA UA Hemendik Hotsa egitasmoa erreferentziazkoa izateko sortuko da – hori nahi genuke bederen horren aita-ama garenok-, orain arte ez delako halako bildumarik egin. Horrekin batera, gure asmoa, sortuko den hori hasieratik, erabilpen publikokoa izatea da. Euskarazko irratigintzaren gaineko materialak eskuragarri jarri nahi ditugu orain hurrengo webgunean, erabilpen publikokoa izatea dugu asmo eta helburua: ikerketak egiteko, irratietan erabiltzeko, unibertsitatean erabilgarri izateko… Era sistematikoan irratiaren ondarea biltzea, gordetzea, ikertzea eta zabaltzea, hori da, beraz, UA UA Hemendik Hotsa egitasmoaren xedea, egin behar hori jarriko dio bere buruari.

Euskal irratigintzaren historia 1925ean abiatu zen, Euskal Herrian sortutako lehen irrati etxeekin eta euskarako lehen emanaldiekin. 1932ko martxoaren 2an ipini dezakegu euskal irratigintzaren sorrerako mugarria. Egun horretan hedatu zuten “Euskal Irratsaioa” harekin sortu zuten, Joseba Zubimendik eta Ander Arzelus Luzearrek, euskarazko irratia. Ez zen hura lehen aldia euskara uhinetatik hedatzen zela, baina Euskal Irratsaioarekin eman zitzaion hasiera euskarazko irratigintzaren ibilbide oparoari. Amaierarik gabeko bidea berez, webgune honi dagokionez nonbait jarri behar sakon jorratu beharreko alorraren mugak eta hasiera honetan mugarriak, bitarteko helmuga gisa, 1983. urtean jarriko ditugu. Garai horretan sortu baitziren Euskadi Irratia eta Ipar Euskal Herriko Irulegi Irratia eta Gure Irratia. Eta, neurri batean, bederen, hortik aurrerako materialak gorde direlako. Arau honen salbuespena desagertu diren irratiak izango dira, edo eta ondare hori gordetzeko aukera ez daukatenak.

UA UA Hemendik Hotsa egitasmoaren webgunea erakustokia, topagunea eta zabalpenerako dinamizatzailea izatea nahi genuke. euskalirratia blog honetatik hasita eta bihar etzi gauzatuko dugun pantaila horretaz baliatuta, jorratu gabeko esparru hori garatu nahiko genuke, euskarazko irritigintza eta urtetan irratia egin duten gizon emakumeak ezagutzera emateko eta gizarteratzeko ekimen eta jardunaldiak eragiteko asmoz Euskal Herrian zehar, horretarako elkarlanak bultzatuz. Ekimen horien xedea, euskal irratigintzari buruzko ezagutza areagotzeaz gainera, irratigintza gizarteratzea eta honen garrantzia azpimarratzea izango da. Ahalegin berezia eginez irratia gauzatu duten gizon emakumeen presentzia hori ezagutzera emateko.

Guk dakigula ez da hasierako grabaziorik, garaian ez baitzen horretarako aukerarik eta tamalez, beste hainbat garaietako soinu testigantzarik ere ez da gurera iritsi, baina inork bere bilduma partikularretan gordeta edukitzeko itxaropena ez dugu galdu. Egun ezagutzen dugun irratitik emana izan zitekeen lehen grabazioa, euskal irratigintzaren lehen testigantza zuzena, 1927an Columbia disko etxeak Donostian Txirrita eta Asteasu bertsolariekin egindako grabazioa da, hemen entzungai duzuena.

http://maramarataldea.com/audioak/01txirritaetaasteasubertsotan1927Columbia.ogg%20

Disko honen ale bat egun ERESBIL Musikaren Euskal Artxiboan digitalizatua eta gordea da, ERESBILek lagata erakusten dugun hemen lagin hau. Pentsa daiteke 1932an grabazio hori erabiliko zutela Joseba Zubimendik eta Ander Arzelus Luzearrek bultzatuta hasi zen Euskal Irratsaioan, nahiz emisio horren baieztapen osoa ez izan, oraindik.

Jakin dakigu, hori bai, Txirritaren grabazio horrekin zabaldu zela 1976ko martxoaren 27an Donostia-Loiola eta Bilbo Herri Irratiek egin zuten 24 orduak euskaraz irratsaio historikoa. Eguna hasi bezain pronto, 26tik 27rako gauerdian, Txirritaren bertso horrekin eman zitzaion hasiera 24 orduak euskaraz egun eta irratsaio luze hari. 1986ko irratsaio honetan Jose Ramon Belokik, elkarrizketatzen zuten Txaro Arteagari eta Karmelo Otegiri eta irrati bitartez entzuleei kontatu zien moduan. Hemen aurkezten dugun testigantza hau Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Donostia Loiola Herri Irratiaren artxibo historikoan da gordea.

http://maramarataldea.com/audioak/02HI24orduak1.ogg%20

Txirrita ahotsean ezagutzen den gordetako testigantza bakar hau, bertso hauek, euskal irratiari dagokionez bi aldiz mugarri ditugu, beraz. Eta guk ere grabazio horrekin zabaltzen dugu euskalirratia blog hau eta etorriko den, hala bedi, UA UA Hemendik Hotsa egitasmoa.

Koldo Ordozgoiti