Euskal irratia

Baserriaren aitzakian euskara hedatuz

Joan Bautista Elizanbururen “Ikusten duzu goizean” abestiarekin zabaltzen zen 1956an La Voz de Guipuzcoa irrati etxean egiteari ekin zitzaion Baserria irratsaioa.   Berez saioak baserritarren izena zuen baina euskarari eusteko zen batez ere. 1965an, herrietako herri irratiak itxita, hamar urte lehenago sortutako irratsaioa hori zen airean segitzen zuen euskarazko irratsaio bakanetakoa.  Irratsaio egiten zuen taldeko kidea, Enrike Zurutuza albaitariak kontatu zion 2004an Euskadi Irratian Ester Aizpuruari irratsaioaren nondik norakoak.  “Gure saio hura izan zen irratian euskara sartzeko lehenengo pausoa eta hori lortu zuena, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipaleko zuzendaria eta Donostiako Falangeko burua zen, D. Carlos Lamsfus Sese . Oso euskaltzalea bera. Atzeko atetik sartu zuen. Munizipaleko zuzendaria zenez eta Falangeko irratiari La Voz de Guipuzcoa-ri ordubete erosi zion bere programa bat ipintzeko, zer zenik esan gabe. Haiek ere dirua behar eta hartu egin zuten. Hor sartu zuen euskara. Lehenengoa zen eta izugarrizko sona izan zuen. Euskara hain zegoen baztertua garai hartan! Falangeko irratia izan arren gurea, Jose Antonio Agirre Lehendakariak zorionak bidali zizkigun Donibane Lohitzunetik, esanez bazekiela haren aldeko irratia ez zela baina gauza ona egiten ari ginela Euskal Herriaren alde eta jarraitzeko”.  Atal honetan irratsaio hura egiten zutenen garaiko grabazioa entzuteko parada izango dugu.

http://maramarataldea.com/audioak/pilulak/uaua58baserriarenaitzakianeuskara.ogg%20

This slideshow requires JavaScript.