Euskal irratia

Club 44

Entzun ditugu Ez dok hamairukoak eta euskal abeslariak irratitik. Herri Irratiak (Loiola, Donostia  eta Bilboko irratiek) eragin nabarmena izan zuten hirurogei eta bereziki hirurogeita hamar urtetan izandako musikaren garapenean. Baina ez bakarrik horretan, urte horietan eta ondokoetan gazte izan ginenok gogoan dugu garaian munduan zehar garatu ziren musika mugimenduak  gizartean –eta guregan-  izan zuten eragina. Eta hor ere Herri Irratiek zer esan handia izan zuten. Honetan historia auzoka bizi izan zen,  Donostia eta Loiola irratien eraginpekoak, Gregorio Galvezen Club 44  dugu gogoan.

Galvez, Herri Irratian Janis Joplin eta Jimmi Hendrix hil ziren urtean  hasi zen, Galiziatik  Euskal Herrira etorrita, Iñaki Gabilondok Donostiako Herri irratiaren zuzendaritza hartu zuenean musika saioa egitea eskatu zion,   Gregorio Galvezek Argiari kontatu moduan, “Gabilondok bizitza aldatu zidan. Gazteentzat rock programa egiteko esan zidan. Musika gustuko nuen eta banekien nor zen Bowie. Diskorik ez zegoen, baina jendea Londrestik irratsaiora etortzen zen aurkeztera. Orduan jesuitek irratia hartu zuten eta Loiola irratiarekin batu. Entzule asko genituen. Beste irratietan Manolo Escobar, Rafael… jartzen zituzten eta guk  Rolling, Kinks, The Who, Bowie edo Lou Reed-i buruz hitz egiten genuen. Mariano Ferrer AEBetatik etorri berria zen eta hitzak itzultzeko eskatzen nion,. Herri Irratia irrati euskalduna egiten hasi zen. Club 44 irratsaioa hasi nuenean Ez Dok Amairuko artistak jartzen nituen eta saioa Mikel Laboaren Gernikarekin bukatzen nuen. Laboa saioan egon zen, baita Ruper Ordorika ere mutikotxoa zela… eta gazteleraz elkarrizketatu nuen! 1973an MusikaRock 73 antolatu, eta lehenengoz Donostiara Luis Llach ekarri genuen”.  Eta kontzertuetara autobusak antolatzen hasi ziren. Irratsaio horren inguruan mugitu zen musika sorkuntza. Hor sortu zen Orquestra Mondragon, baina ez bakarrik hori, hirurogeita hamarreko eta laurogei urte hasierako Gipuzkoa inguruko musika mobida irratsaio horren inguruan  gauzatu zen, hein handi batean.

http://maramarataldea.com/audioak/pilulak/uaua68club44.ogg%20