Euskal irratia

Euskara irrati bidez: 1965eko argazkia

Nemesio Etxaniz euskaltzale eta apaizak kontatu zuen Zeruko Argia astekarian 1965ko abenduaren 19an euskararen bilakaera irratietan. Donostian dela, Bilbon dela, Iruñe nahiz Gasteizen dela, gure aidea irrati-soiñuz betea daukagu. Herri nagusiak nahikoa eztirala, Seguran hasiera eman zigun beste irrati-etxean apaiz batek. Haren antzera, gero Arraten, Tolosan eta Loiolako santutegian jarri zizkiguten beste irrati-etxeak. Irrati hauek, erderaz hasi ziren beren berriak zabaltzen; baiña Euskalerriari zegokion bezela, euskeraz ere zerbait ematea itxura zela ta, poliki-poliki sortu ziren irrati askotan euskal orduak. Batez ere, herri txikietako irratetxetan euskerak leku haundia ta zabala iritxi zuen gure hizkuntzan bere berriak emateko. Pozik geunden aidez gure hizkuntza hain hedatua ta zabaldua ikusita. Gipuzkoan batez ere, aberats zebillen gure euskera zaharra. Azkenengo, aitatzekoa da Jon Oñatibiaren euskal ikastaroa. Honek Donostiako «Radio San Sebastian»etik bere euskal irakaskintza zabaltzen digu.  Pozik geunden, beraz, hainbestekin. Baiña hontan, gure herri txikietako irratetxeak, itxi zizkiguten.  «Frecuencia Modulada» delakoa behar zela-ta gure irratetxerik euskaldunenak mututu behar izan zuten. Azkenengoa, Loiolakoa izan zen ixiltzen.  1965 urte hondarrean,  Esteban Irigoienek  Nafarroako Arantzan sortu berria zuen Arantza Irratia zen euskaraz  ari zen irrati bakarra. La Voz de Guipuzcoa egiten zen asteroko baserritarren saioa, Radio San Sebastiango Jon Oñatibiaren euskarazko klaseak, eta Donostia eta Bilboko Herri Irratietan egiten ziren baserritarrentzako saioak eta errosarioak, horretara mugatzen zen euskara irratian. Nemesio Etxanizek, idazle, poeta, kantugilea, euskaltzale bezain langilea,  eta egiak esatea ohitua, ez zuen amore ematen, eta aurrerako bidea adierazi zuen artikulu berean. Aurrena, jakin dugunez, Loiolako irratetxea izan da, era berri hortan [FMn] lanean hasteko baimena iritsi duena. Baiña orainarteko euskal irratsaiotan gai gutxitxo eta ordu gutxi bete izan ditugu. Irratiak gure lurrean, ordu gehiago eman behar dizkio euskerari; ta euskal jakintza bideak zabaltzen ari diren bezela, euskal orduak bezela, haietan erabiltzen diren gaiak ere aberastu ta ugaldu egin beharko genituzke.

http://maramarataldea.com/audioak/pilulak/uaua57euskarairratibidez1965.ogg%20

This slideshow requires JavaScript.