Euskal irratia

Irratian debekuen gainetik

Euskal irratigintzaren historia egiten ari garen honetan, euskal irratiaren hastapenak ezagututa,  1932an hasi zen Euskal Irratsaioaren ibilbidea ezagututa, bat baino gehiago harritu egiten da   30 urte beranduago Hego Euskal Herrian zabaldu zen eta garatu ahal izan zen euskarazko irratiarekin  konparazioa eginda.  Euskarazko irratiak Zubimendi eta Luzearren eskutik lehen pausuak ematen hasi zenean, askatasunean garatu ahal izan zen. Euskal Pizkundearen irratia zen, goraldiko  garaia izanik,  musika, literatura, antzerkia  eta euskal kultura, oro har,  loratze betean eta bizian murgildurik ziren. Eta irrati hark   Lizardiren poemak ziona gauzatzen zuen:  “Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa; jakite-hegoek igoa; soina zahar, berri gogoa; azal horizta, muin betirakoa“.  Punta puntako irratigintza, modernoa zen hura,  erdarakoekin konparatuta ere.   Gerra eta debekuaren ondoren, euskara irratira bueltatu ahal izan zuenean, diktadurapean garatu behar izan zen. Elixabete Garmendiak esan berri duen moduan, “Baserritarren aitzakia eta Elizaren gonapea –Herri Irratien kasuan- behar izan zituzten gerra osteko irratilariek euskaraz aireratu ahal izateko. Baserritarrei zuzentzea, zentsura eta debekua gainditu ahal izateko. Euskararen diskurtsoak otzana eta murriztua behar zuen izan uhinetan aurrera egiteko. Apaiz izate hutsak ez zuen, ordea, salbatzeko bermerik ematen, don Nemesio Etxanizen kasuan bezala”.

Adibide bat, egoera adierazten duena:  1964ko urriaren 22an Loiola Herri Irratiko zuzendaritzak irratsaioetan euskararen erabilera debekatzen zuen agindua jaso zuen, Manuel Fraga Iribarne buru zuen Información y Turismo Ministeritzatik.  Irratiko zuzendaritzak lortu zuen euskararen desagerpena saihestea, hala debekuen gainetik, euskarak  Loiolako Herri Irratian segitu zuen.

http://maramarataldea.com/audioak/pilulak/uaua56debekuengainetik.ogg%20

Advertisements