Euskal irratia

Nondik gatoz? Nora goaz?

Bloga hau eta garatzeari ekin diogun Ua Ua Hemendik Hotsa egitasmoaren sorrerako ideia 2012ko azaroan beteko den egungo Euskadi Irratiaren 30. urteurrenaren harira 2011-2012 ikasturtean UA UA… Euskal Irratigintzaren historia 300 segundotik beherako laurogei irratsaio laburretatik eta hauek gauzatzeko egindako lanetik sortu zitzaidan.

Euskadi Irratirako landutako 80 irratsaio horiek egiteko azterketak eta landa lanak, gerra aurreko euskal irratigintzak prentsa idatzian duen itzal zabalaz jabetzeko aukera eskaini zidan. 1925tik eta 1937raino, irratsaioen erreferentzia zabala aurki daiteke Euskal Herriko kazetetan. Horretaz baliatu naiz historia hori berregiteko.

http://maramarataldea.com/audioak/01uauaLABUR.ogg%20

Horrekin batera, UA UA… Euskal Irratigintzaren historia irratsaioak egiteko euskal irratiaren “altxorraren kutxa” kalifikatu dudan Joseba Zubimendiren funtsa ezagutzeko eta aztertzeko parada eskaini dit. Aipatu behar da eta eskertu, derrigorrez eta nahita nahiez, Joseba Zubimendi zenak, bere alargunak Maria Darras zenak eta hauen semeek funts historiko hori salbatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiari lagata herri honen zerbitzura jarri izatea. Eta hori da hain zuzen, Koldo Mitxelena Kulturunean jasoa den, eta irratsaio laburrak egiteko aztertu ahal izan dudan benetako altxorra.

UA UA… Euskal Irratigintzaren historia egiteko burutu behar izan dudan dokumentazio bilketa lanak beste aurkikuntza garrantzitsuak egiteko aukera eman dit. Horietako hiruzpalau aipa nahi nituzke.

Alde batetik Julian Antonio Ramirez eta Adelita del Campo (Adela Carreras Taurá) irratilarien Radio Parisko funtsa. Office de Radiodiffusion-Télévision Françaiseko gaztelaniazko irratsaioen bi esatari hauek, bere grabazio eta dokumentazio fondoa Alacanteko Unibertsitateari utzi zioten eta horretan oinarrituta, fondo hori digitalizatu ondoren, Valentzierriko unibertsitate hark “Devuelveme la voz” egitasmoa jarri du abian. Era honetara, galdutzat emanak ziren ORTFren frantsesa ez besteko irratiko grabazioak, ahotsak eta musikak, gizarteratu egin dira.

Zaila gertatzen zait azaltzea zer poza hartu nuen, sarean Agirre Lehendakariaren ahotsaren grabazioen bila nenbilela, Aita Alberto Onaindiak Jose Antonio Agirreri buruz 1960ko martxoaren 25an Radio Parisen egin zuen hil oharraren grabazioa aurkitu nuenean.

http://maramarataldea.com/audioak/02Oniandiairratsaioa.ogg%20

Poza bere goren gradura pasa zen Alacanteko Unibertsitateak, katalogatu gabe zuen grabazio batean Jesus Insausti Uzturreren “Paristik Euskal Herrira Insaustiren emisioa” irratsaio oso bat pasa zidanean. Eta zein saio, gainera! 1959ko Aberri Egunari buruzko irratsaioa, non Jesus Insaustiren lokuzioarekin batera, Alberto Onaindia kalonjearen mezako sermoia eta Xabier Landaburu, Eusko Jaurlaritzako kidearen elkarrizketa jasoa den eta entzun daitekeen!

http://maramarataldea.com/audioak/03insaustirenemisioa.ogg%20

Alacanteko Unibertsitatean den Julian Antonio Ramirez eta Adelita del Camporen fondo horretan aurkitu ditut Xalbador eta Mitxelenaren bertsoak.

http://maramarataldea.com/audioak/04agirrexabaldormitxelenakkantatua.ogg%20

Agirre Lehendakari hil berriari kantatuak Parisen 1960an eta “Irrintzi De París a los Vascos en el mundo irratsaioak.

http://maramarataldea.com/audioak/05irrintzisarrera.ogg%20

Irratsaio horien adibide moduan aukeratu dudan Donostiako danborradari buruzkoak gainera, Julian Antonio Ramirez donostiarraren herrimina aurkezteko parada ezin hobea ematen du.

http://maramarataldea.com/audioak/06ramirez.ogg%20

Radio Pariseko irratsaio horietan ditugu Mikel Laboak, Benito Lertxundik eta Bittor Egurrolak Radio Paristik egindako kontu eta kantuak. Fondo hau ezin bestekoa dugu, izango dugu hemendik aurrera, euskal irratigintzaren historia egiteko.

http://maramarataldea.com/audioak/07Parisezdokhamahiru.ogg%20

Ameriketako euskal irratsaioak aipatu nahi nituzke UA UA… Euskal Irratigintzaren historia egiteko lanak ekarri dizkidan aurkikuntzen artean. Jeannette Ezponda Maxwell andreak bultzatuta Buffalon (Wyoming) egindako Euskal Irratsaioa ezaguna genuen Joseba Etxarrik eta Ameriketako euskaldunek egindako ikerketen eta zabalpenari esker. Horrela gorde eta zabaldu dira irratsaioak eta hura egin zutenen elkarrizketak eta oroitza. Historia hori idatzi dugu.

http://maramarataldea.com/audioak/08KBSSemitea.ogg%20

Ezaguna zen, aurki zitekeen hortik Boisen, Idahoko hiriburuan egindako beste irratsaio bati buruzko aipamenik, jasoa zegoen Urazandi bildumaren baitan Gloria Totoricaguena Egurrolak idatzi zuen Boise Basquers dreamers and doers liburuan irratsaioari buruzko aipamena, baina itsaso honaindiko euskal herrian irratsaio horren memoria eta oihartzuna galdua genuen. Joxemari Iriondok 2012ko martxoaren 2an, Euskal Irratsaioaren 80. urteurreneko ekitaldian, Boiseko euskal irratsaioko bi grabazio pasa zizkidan. Horrela, 1950tik 1987raino Boisen egin zen Euskal Irratsaioa izaera bera eta hau egin zuten gizon emakumeen oroitza berpizteko aukera eskaini dit.

Espectacion Izarra Etxeberria (Legazpia, 1906-Boise, 1997) ermuarra, Espe Alegriak (Henri Alegria, senarraren abizena hartuta) egin zuen irratsaioa 1952tik 1982ko maiatzean erretiroa hartu zuen arte, bera izan zen Boiseko izarra, “the voice of the Basques”.

http://maramarataldea.com/audioak/09boise%20irratia2.ogg%20

Bere azken saioetako bi, 1982ko urtarrilean egindakoak, eta Donostia Loiola Herri irratitik zabaldu zirenak salbatu zituen Joxemari Iriondok eta horrek idatzi gabe eta ahaztuta genuen euskal irratiaren kate begi hori josi eta azaltzeko parada eman dit.

UA UA… Euskal Irratigintzaren historia egiteko garaian izan ditudan aurkikuntzen artean Arrate Irratiaren 1964an itxi arazi aurreko irratsaioak aipa nahi nituzke. Euskadi Irratiaren artxiboan gorde diren eta aurkitu ditudan lehen Arrate Irratiko irratsaio horiek irrati moderno eta ez ezagun bat entzuteko eta ezagutzeko parada eskaini baitidate. Joan den mendeko hirurogeigarren hamarkada hasieran, lau urtez, Eibartik Euskal Herrira zabaldu zen irratia. Euskaraz, gai oso desberdinez, era duin eta jantzian mintzatu zen lehen Arrate Irratia.

http://maramarataldea.com/audioak/10ARRATEZINEKETAK.ogg%20

Grabazio horiek ikuspegi guztiz berria eskaini didate denbora hartako irratigintzaz eta bereziki Arrate Irratiak garaian egin zuen irrati ereduari buruz. Niretzat sorpresa izan da, -nire ustez nahiko ez ezaguna da- eta edozein kasutan sakon aztertzea mereziko luke Pedro Gorostidi apaizak sortu eta zuzendu zuen Arrate Irratia hark.

Joseba Zubimendiren funtsa bezala, Donostia Loiola Herri Irratiaren (1961-2009) funts historikoa Gipuzkoako Foru Aldundian dugu gordea.

http://maramarataldea.com/audioak/11Loiolairratialeheneguna1.ogg%20

Aldundiak erosi egin zuen Jesusen Lagundiak berak sortutako irratia uztera zihoan unean eta horri eskez salbatu da. Hor dugu, Euskadi Irratiak gauzatu duen fondo historikoarekin batera, joan den mendeko euskal irratiaren ahots funts nagusia. UA UA… Euskal Irratigintzaren historia egiteko lanak aukera eman dit bilduma horretan murgiltzeko. Eta atzera begirako mea culpa egin, aitortzeko. Duela hogeita hamar urte, 1982an, kazetaritzaren ofizioan Herri Irratian hasia –eta ikasia- izanda, damu naiz garai hartan zer garrantzi gutxi eman izan (ge)nion grabazio eta dokumentuen gordetzeari. Damua garaiz, diote. Honetan, zoritxarrez, damu hori ez dator garaiz, hainbat gauza galdua direnean aitortzen baitut.

Koldo Ordozgoiti